XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina neskatoa argaltzen hasi zen eta neba batek galdetu zion:

-Zer dela eta argaldu zara horrenbesteraino?

-Gauero, nagusiak aginduta, ate bitartetik atzamarra ateratzen dut berak mihizkatzeko. Hori dela eta, egunean baino egunean tristeago eta argalago sentitzen naiz -azaldu zion nebari.

Egun batean, lau neba-arrebek Basajaun hiltzea pentsatu zuten haitzarteren batean behera botaz. Eta halaxe egin zuten.

-Non dago Basajaun?-galdetu zien emazteak.

Orduan, Basandrek hiru hortz handi eraman zituen etxera eta neskatoari, mutikoen oinak garbitzeko ur berotan hortzak jartzeko agindu zion, bakoitzarentzat bana.

Horrela egin zuen eta hirugarrenak hankak garbitzea bukatu zuenean idi bihurtu ziren hirurak.

Neskatoak larrera eramaten zituen eta hiru idiek berarentzat harrapatutako txoriekin mantentzen zen.

Egun batean, zubipe batean Basandre ikusi zuen eta honela esan zion:

-Idi hauek gizon bihurtzen ez badituzu, laba gori batean erreko zaitut.

-Ez, hori ez! -oihukatu zuen emakumeak. Zoaz amildegi hartara eta har itzazu hiru urritz-makila. Gero, makila horiekin, idi bakoitzari hiru zartako eman lepo gainean.

Neskatoak emakumeak esandako legez egin zuen, eta idiek gizon itxura hartu zuten berriro.